Leintz Gatzaga Gipuzkoako hego-mendebaldeko muturrean dago, Araba eta Gipuzkoa arteko mugan. Leintz bailarako lehenengo herri hau Deba Garaiko eskualdean dago. Izan ere, bailarari izena ematen dion ibaiak, Debak, Leintz Gatzagako lurretan du sorburua.
Historikoki Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzari lotuta ageri da. Iparraldetik Eskoriatzarekin egiten du muga eta hegoaldetik, berriz, Arabako herriak diren Legutio, Arrazua-Ubarrundia eta Barrundiarekin.
Lurralde honek 14,7 kilometro koadroko hedadura du eta bihurgunetsua eta menditsua da, bertako landaretza basotsua izanik. Aspaldi Madril itsasoarekin elkartzen zuen errege bideak zeharkatzen zuen mendi mazela maldatsuaren inguruan eratuta dago hirigunea.